Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

zama

Ondasunaren gaineko karga edo lotura.
Adibidea. Ondasun higiezinen gaineko zamak dira, besteak beste, hipoteka, enbargoa, hirigintza-lotura, xedatzeko debekua, bai eta hirugarrenak lehenespenez eskuratzeko duen eskubidea ere. Ondasun higiezina zamarik gabe saltzen dela esaten denean, horrekin adierazi nahi da ez dagoela halako kargarik edo antzekorik.

zati alikuota

Osotasuna zehatz-mehatz neurtzeko balio duten zatietatik bakoitza.
Zenbakiei dagokienez, zenbaki zehatza halakoa da, baldin eta beste batean barruratzen bada aldi zehatz batzuetan.
Adibidea. 4 zenbakia, izatez, 16 zenbakiaren zati alikuota da.
Zuzenbideari erreparatuta, zati alikuota da ondasun-erkidegoan jabekide bakoitzari dagokiona. Esate baterako, hiru neba-arreba etxebizitzaren jabekide badira zati berdinetan, bakoitzak zati alikuota du etxebizitza horretan, hain justu ere, heren bateko zatia. Eta norbaitek, lokalaren jabetzari dagokionez, %10a badu eta beste norbaitek %90ekoa, bakoitzak zati alikuota du lokalaren jabetza horretan, nahiz eta zatiok desberdinak izan.

zentsua

Urtero ordaindutako diru-prestazioa da, iraunkorra nahiz aldi baterakoa, eta finkaren jabetzarekin lotuta dago; egin-eginean era, finka horrekin aurre egin ahal zaio, zuzen-zuzenean, zentsuaren ordainketari.
Pentsio hori ordaindu behar duenari zentsu-hartzaile deitzen zaio, eta berori jasotzeko eskubidea duenari, berriz, zentsu-emaile.
Gaur egun zentsua ez da asko erabiltzen, ezta enfiteusi-zentsua ere, eta, praktikan, ez da zentsu berririk eratzen.

zerga

Estatuari beharrizan publikoak finantzatzeko ordaindu behar zaion tributua  edo zama.
Adibideak. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ).

zinpean aitortzea / zinpeko aitorpena

Agintari judizialak edo administratiboak hala eskatuta, zinpean eta ahoz egiten den adierazpena.

zirkularra

Goi agintariak, bere mendeko zerbitzuen barne antolaketari buruz eta jardunbideari buruz, zerbitzu horietako kide guztiei edo gehienei emandako agindua.
Adibidea. Notariotzaren Kontseilu Nagusiko Dekanoen Batzak emandako zirkularrak.

ziurtagiria

Pertsona eskudunak luzatutako agiria; bertan, egitate, egintza edo kalitate jakin baten existentzia agerrarazten da, kasuan kasuko ondore juridikoak sor daitezen.
Ziurtagiria agiri publikoa izan daiteke, hala nola, udaletako idazkariek nahiz erregistratzaileek luzatutakoa; edo, bestela, agiri pribatua izan daiteke, kasurako, jabeen erkidegoko idazkariek akta-liburuei buruz emandakoa, edo sozietateetako administratzaileek sozietatearen akta-
-liburuaren inguruan luzatutakoa.
Ziurtagirien formatua aldatu egiten da, ziurtagiri-motaren arabera.

zorduntzea

Zorra, betebeharra.

zorra aitortzea

Norbaitek negozioan egiten duen adierazpena, betebeharra  existitzen dela baieztatzeko eta hori betetzeko baldintzak zein diren finkatzeko. Zorra aitortzeko arrazoi nagusia izaten da, lehenengo eta behin, zorra finkatzea, zor hori benetan existitzen dela berriro ez eztabaidatzeko. Eta, bigarrenik, zor hori nola ordainduko den ezartzea.
Adibidea. Norbaitek eskritura publikoan  aitortzen du beste inori diru-kopururen bat zor diola; eta, eskritura horretan bertan, ondasun higiezinaren gaineko hipoteka eratzen da, eskrituran bertan finkatu epe eta baldintzetan, zorra ordainduko dela ziurtatzeko.

zortasuna

Eskubide erreal hori, izatez, ondasun higiezin baten gaineko karga da, beste ondasun higiezin baten mesederako, bi ondasun horiek jabe desberdinenak direla.
Adibidea. Bide-zorrari esker, landa-finkaren jabeak bidea du finka mugakidetik pasatzeko. Argi-
-bisten zortasuna dela eta, ondoko finkaren jabeak ezin du bertan eraikinik egin, edo, bestela, onartu behar du bere finkari begira leihoak irekitzea. Transformadorea edo zutoin elektrikoa instalatzeko zortasuna ere horren adibidea da.

zurtz(-)ordezpena

Aitak edo amak bere testamentuan xedapen hori egiten du, semeak edo alabak ezin duelako oraindik testamenturik egin, puberra ez delako.

zuzenbide zibila

Arau juridikoen multzoa, arau horiek pertsona fisiko   edo juridikoen  arteko harremanak jorratzen dituztenean, euren lege-gaitasunari, familia-egoerari, ondare-egoerari eta kontratu-
-egoerari dagokienez.
Adibidea. Zuzenbide zibilaren arauak dira, besteak beste, jabetza-eskubidea, ezkontza, herentzia bidezko oinordetzak eta kontratuak jorratzen dituztenak.

zuzenbidearen iturriak

Esamolde horrek esangura bikoitza izan dezake.
Alde batetik, esamolde horrek adieraz dezake zein organok eman ditzakeen antolamendu juridikoa osatzen duten arauak (Gorte Nagusiek, Eusko Legebiltzarrak, lurralde historiko desberdinetako batzar nagusiek…). Horrela, zuzenbidearen iturri formalak edo sorkuntza-iturriak aipatzen dira.
Beste alde batetik, esamolde horrek adieraz dezake zein egitatek, giza borondatearen zein aitorpenek edota gizartearen zein eginerek sorrarazten dituen arau juridikoak. Horrela, zuzenbidearen iturri materialak edo aplikazio-iturriak aipatzen dira. Legeria zibil erkideari erreparatuta, Kode Zibilak ezartzen du Espainiako antolamendu juridikoaren iturriak direla legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak. Euskal Autonomia Erkidegoko foru-zuzenbideari eutsiz, Eusko Legebiltzarraren 3/1992 Legeak hauxe ezartzen du: Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-zuzenbide zibila osatzen dute lege horren xedapenek, ohiturak (agerikoa ez bada, frogatu behar dena) eta zuzenbidearen printzipio orokorrek, tradizioaren arabera hura eratzen dutenean. Foru-arau zibil aplikagarririk izan ezean, ordezko moduan Kode Zibila aplikatuko da, gainerako xedapen orokorrekin batera; baina, ordezko zuzenbide hori aplikatzean, foru-zuzenbide zibilaren printzipio orokorrak bete beharko dira.

zuzendaritza(-)batza

Notario-elkargoaren gobernu-organoa da; organo hori osatzen dute, gutxienez, dekanoak, idazkariak, diruzainak eta bi aztertzailek. 

zuzentaraua

Europar Batasuneko oinarrizko araua  da, estatu guztiek euren legerian bete behar dutena.

Konekta zaitez