Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

gaikuntza / gaitzea

Hori da norbaiti ahalmena ematea, egintza juridiko edo eginkizun jakin batzuk burutu ditzan, egintza edo eginkizun horiek bereak izan ez arren; horrela, subjektu horri jarduteko gaitasuna ematen zaio.

gaikuntzarik eza

Zigor horren ondorioz, zigortua ez da gauza izango, kargu publikoetan aritzeko, eta eskubide zibil edo politikoetatik batzuk murriztuta izango ditu, esaterako, ohoreak, lanbidea, tutoretza etab. 

gaitasun(-)epaiketa / gaitasuna epaitzea

Notarioak agertzaileen inguruan balorazio hori egiten du, betiere arau zibilak eta kasuan-kasuan formalizatzen den egintza edo kontratua kontuan hartuta.
Notarioak baloratu behar du ea sinatzera agertu denak adimeneko gaitasun egokia duen, kasuan kasuko egintza edo negozioa burutzeko. Bestela, jarduteko aukera ukatuko dio.
Notarioak bere pertzepzioak eta irizpideak erabili behar ditu, gaitasun hori epaitu edo baloratzeko, eta hala jasota geratu behar da notario-agirietan, alegia, notarioak adierazi behar du agertzaileek badutela, bere ustez, kasuan kasuko agiria egilesteko beharrezkoa den gaitasuna.
Adibidea. Maiz-sarri, adinekoen kasuan edo gaixo batzuen kasuan, haiek, teorian behintzat, testamentua egin nahi dute, euren familiakoek hala adierazita; baina testamentu horren eskuespena ukatu beharko da, kasuan kasuko pertsonak horretarako gaitasunik ez badu (adibidez, bere borondatea adierazteko gauza ez delako, borondate hori kontraesanez beteta dagoelako edo aldagarria delako etab.).

goiburua

Agerkai publikoaren (hau da, eskrituraren edo aktaren) lehenengo zatia. Bertan agertzen dira protokolo-zenbakia, zein notariok eskuetsiko duen agerkaia, eta, hala denean, zein notarioren protokoloarentzat egingo den eskuespen hori, eta egilespen-tokia eta -data.

gora jo ezin dena

Gora-jotzerik edo errekurtsorik onartzen ez duen ebazpen judiziala. Epai irmoak halakoak dira.

gordailua

Kontratu horren bitartez, alderdietatik batek konpromisoa hartzen du, bestearen ondasun higigarria jasotzeko, eta, aldi berean, betebeharra bereganatzen du, ondasun hori itzultzeko, behin beste alderdiak edo horretarako eskubidea duenak erreklamazioa eginda. Gordailugileak ezin du probetxurik atera gordailupeko gauza horretatik.
Adibidea. Ohikoa da objektuen gaineko notario-gordailua. Esate baterako, zenbait kasutan, laginak jasotzeagatiko akta egiten da (landareen laginak, urarenak, materialenak etab.). Laginetatik bat agindei-egileak berak eramaten du, aztertua izan dadin, eta beste lagin bat notarioaren aurrean gordailutzen da, beste azterketa bat egin ahal izateko, hori beharrezkoa baldin bada. Edozein modutan ere, gordailua edozein pertsonaren artean egin daiteke. Ohiko adibideak dira aparkaleku publikoak, horietan ibilgailua gordailutzen baita, denbora zehatz baterako. Orobat, altzari-gordelekuak.

gordailugilea

Bera da gordailua  egin duena.

gozamen unibertsala

Gozamen horrek bere barruan hartzen du norbaiten ondare osoa.
Adibidea. Testamentua egitean, ohikoa izaten da “batak besteari ematea”; beste modu batera esanda, ezkontideek testamentua egiten dute, eta elkarri herentziaren gaineko gozamen unibertsala ematen diote, seme-alabak jaraunsle izendatzearekin batera.
Ezkontideetatik bat hiltzean, alargunak, bere ondasun pribatiboen jabetza osoa izateaz gain, hildakoaren herentzia osoaren gaineko gozamena eskuratzen du, eta, ondorenez, berak erabaki dezake lehen bi ezkontideena zen ondarea nola erabiliko duen. Erabaki hori hartzeko, alargunak ez du seme-alaben adostasunik behar, seme-alabok, jaraunsle izan arren, ez baitute ondare hori erabiltzeko eskubiderik.
Nolanahi den ere, seme-alabek, gurasoaren jaraunsle direnez gero, jakin badakite, bizirik dirauen gurasoak erabilera izan arren, ez duela jabetzarik, eta, beraz, ezin izango duela ondare hori saldu, euren adostasunik gabe.
Bistan denez, guztien interesak orekatzea lortu da, eta egoki lortu, gainera.

gozamena

Aldi baterako eskubide erreal horren bitartez, titularrak inoren gauzaren gaineko erabilera eta luperketa du, betiere gauza horren forma eta izaera kontserbatzeko betebeharrarekin batera.
Adibidea. Gozamena da alargunak bere ezkontidea hiltzean legez jasotzen duen eskubidea. Gozamendunak gozamenpeko ondasunak erabili (eduki) eta lupertu (etekinak jaso) ahal izango ditu. Etxebizitzaren kasuan, berbarako, bertan bizi daiteke, edo errentan eman eta errenta kobra dezake; orobat, landa-finkaren kasuan. Zernahi gisaz, eskubidea azkentzen denean (eta, gehienez jota, gozamenduna, adibidez, alarguna bizi den artean iraungo du gozamenak), erabilera eta luperketa behin betiko izango dira jabeentzat, eta jabeok, une horretan, ondasunaren edukitza eskuratuko dute.

gozamenduna

Gozamen-eskubide errealaren titularra.
Gozamenduna pertsona fisikoa baldin bada, eskubide horrek, gehienez jota, iraungo du gozamendun hori bizirik dagoen artean (dena den, gozamenak epe laburragoa izan dezake, ohikoa ez bada ere). Gozamenduna pertsona juridikoa baldin bada, gehieneko epea 30 urtekoa da.

guraso(-)ahala

Lege-aginduz, gurasoek zenbait eskubide eta betebehar dituzte, euren seme-alaba adingabeko emantzipatugabeen gainean eta seme-alaba adin nagusiko ezgaituen gainean; bada, eskubide eta betebehar horren multzoari deitzen zaio, hain justu ere, guraso-ahal.
Guraso-ahala “eskubide-eginbeharra” da, eta, azken finean, esamolde horrek adierazten du zer-nolako egoera juridikoa duten gurasoek euren seme-alabei begira, antolamendu juridikoaren  arabera.

Konekta zaitez