Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.

paperean jasotzea

Notario-kopia elektronikoen kasuan, notarioak halako kopiaren bat jasotzen duenean, agiri elektroniko hori paperezko formatuan jaso dezake, hala nahi badu edo beharrezko ikusten badu. Horixe ahalbidetzen du Notariotza Legearen 17bis artikuluak. Balio berbera dute paperean jasotakoak eta kopia elektronikoak.
Adibidea. Notarioak beste notario bati bidaltzen dio testamentuari buruzko kopia elektroniko eskuetsia, bigarren notarioak jarauntsia formaliza dezan. Bigarren notario horrek kopia jasotzen du eta bi aukera ditu: horren edukia jarauntsian jasotzea; edo, bestela, zuzen-zuzenean paperean jasotzea testamentuaren kopia elektronikoa, sinatutako diligentziarekin batera, agiri elektronikoarekin bat datorrelako sinatuta eta izenpetuta, eta paperezko formatu hori jarauntsi-eskriturari berari eranstea.

partaidea

Zerbaitetan parte hartzen duena, zerbaitetan esku hartzen duena.

parte(-)hartzea

Eskritura edo aktaren zati hori jasotzen da, agertzaileen datu pertsonalak aipatu eta gero, agertzaileok baitira agiria sinatuko dutenak. Agertzaile horiek euren izenean jardun dezakete, edo, osterantzean, beste inoren izen eta ordezkaritzan, beste horiek pertsona fisikoak izan nahiz pertsona juridikoak izan. Parte-hartzeari buruzko zatian agerrarazten da agertzaileek noren izenean diharduten; gainera, ordezkaritza hori egiaztatzeko zein agiri aurkezten duten aipatu behar da.
Adibidea. Norbait agertzea, beste inork horretarako eman dion ahalordearekin, edo sozietatearen administratzaile gisa; gurasoak agertzea seme-alaben ordezkari gisa, guraso-ahala egikarituz; edo alkatea agertzea, kasuan kasuko udalaren ordezkari gisa. Horiek guztiak parte-hartzeari buruzko atalean agerrarazten dira.

pertsona bakarreko sozietatea

Sozietate horren kapitala bazkide bati bakarrik dagokio. Dokumentazioan, pertsona bakarreko izate hori agerrarazi behar da.

pertsona fisikoa

Eskubideak eta betebeharrak dituen pertsona oro.
Gizaki oro.

pertsona juridikoa

Pertsona nahiz ondasunen multzoa da, baterako eskubideak eta betebeharrak dituena, eta, elkartutakoengandik aparte, nortasuna duena; halakoak dira, esate baterako, sozietateak, fundazioak, elkarteak eta korporazioak.

podere osoko gozamena

Aiarako Foruaren erakunderik adierazgarrienetatik bat da. Gozatzeko eskubide erreal horrek titularrari ematen dio, gozamen-eskubideari berezko zaion edukiaz gain, ondasun guztiak edo batzuk doan, inter vivos nahiz mortis causa xedatzeko ahalmena, betiere gozamena nork eratu eta eratzaile horren seme-alaba nahiz ondorengo guztien, batzuen edo baten mesederako.

poliza

Alderdietatik batek idatzitako merkataritza-agiria.
Polizetan, ez da nahitaezkoa notarioaren esku-hartzea. Notarioak esku hartu ezik, ez ditu izango notario-jardunak dakartzan ondorio pribilegiodunak eta betearazleak (batik bat, itundukoa betetzea, kasurako, maileguaren ordainketa, epaiketa didez galdatzen denean); baina agiria baliozkoa da. Egin-eginean ere, kopuru urriko maileguen kasuan, bankuek maiz-sarri ez dute notarioaren esku-hartzetik eskatzen.
Notarioaren esku-hartzea eskatzen da, ordea, legez ezarritato ondorio pribilegiodunak lortu nahi direnean. Merkataritza-polizak, bestalde, ez dira "eskuesten"; aitzitik, "esku hartu" egiten dira. Polizetan notarioak esku har dezan, poliza horien xede izan behar dira merkataritza- nahiz finantza-arloetako egintzak eta kontratuak, betiere, egilesle bien, edo, behintzat, horietatik baten ohiko trafiko arruntaren barruan sartzen direnean. Salbuetsita daude, ordea, gainerako egintza eta negozio juridikoak, eta, edozein kasutan ere, ondasun higiezinen gaineko guztiak. Hortaz, polizetan notarioak esku hartzen duenenan, poliza horiek agerkai publiko bihurtzen dira ondorio guztietarako.

postilla

Apostilla.
Testuaren bazterrean edo oinean jartzen den oharra, testu hori interpretatzeko edo osatzeko.
Adierazpen horren bitartez, agiri publikoa  eskuesten duten sinadurak legeztatzen dira. 

praktika juridikoa

Zuzenbidearen aplikazioa, haren adierazpen guztiekin.

praxis juridikoa

Praktika juridikoa.

preskribagarria

Preskribatu daitekeena, preskripzioaren  ondorioak jasan ahal dituena.

preskripzioa

Eskubidea, ondasuna, betebeharra edo erantzukizuna lortu nahiz galtzea, legez ezarritako epea igarotzeagatik.
Adibidea. Zergak ordaintzeko betebeharra preskribatu egiten da, horren ordainketa galdatzeko aukera noiz izan eta ordutik epe batera.
Oinordetzen gaineko Zergaren kasuan, epe hori 4 urte eta 6 hilekoa da, kausatzailea hil denetik. Behin epe hori igarota, ezin zaie jaraunsleei ordainketa galdatu, zerga preskribatu egin delako.
Ildo beretik, betebeharrak (zorra, lana, prestazioa) betetzea erreklamatzeko, akzioa edo eskubidea dago, baina akzio edo eskubide horrek preskripzio-epea du, legeak kasuan-kasuan ezartzen duena; behin epe hori igarota, ezin da betetzea erreklamatu.
Bestela, segurtasun juridiko eza handi-handia izango litzateke; izan ere, edozein betebehar edo zerga erreklamatu ahal izango litzateke epe-mugarik gabe, nahiz eta egitatetik hainbat urte igarota egon.

preteritzea / preterizioa

Testamentugileak  bere testamentuan nahitaezko jaraunslea ez aipatzea, nahitaezko jaraunsle horrek senipartea  dohaintza bidez jaso ez duenean.
Preterizioa kontzeptu teknikoa da oso, eta, gainera, nahiko konplexua. Hitz gutxitan esateko, preterizioak adierazi nahi du testamentugileak ez duela bere testamentuan aipatu lege-aginduz jarauntsiaren zati bat eskuratzeko eskubidea duena (seniparteduna). Preterizioaren ondorioak desberdinak dira, nahita egiten denean eta nahi gabe egiten denean, eta senipartedun guztiak preteritu direnean edo horietatik bat bakarrik.

proindibisoa

Ondasuna edo eskubidea pertsona bati baino gehiagori aldi berean badagokie, eta ez badago zatituta edo portzioetan bereizita, orduan proindibisoa gertatzen dela esaten da.
Adibidea. Hiru neba-arrebek euren artean etxebizitza dute. Horietatik bakoitzak, etxebizitza horretan, zati alikuota  du. Bide beretik, bi lagunek elkarrekin ibilgailua dute, edo izatezko bikotekideek telebista erosi dute. Kasu horietan guztietan, proindibisoa gertatzen da.

protestoa

Notario-agiri horrek agerrarazten du kanbio-letra onartzeari edo ordaintzeari ezezkoa eman dela; horrela lortu nahi da kanbio-letra horretan nork esku hartu eta horien guztien eskubideak nahiz akzioak ez gutxitzea eta kalterik ez egitea.

protokolo berezia

Protokolo  horretan gordetzen dira kanbio-letren protestoak  eta bestelako agiriak; protokolo horretako zenbakiak bereziak dira.
Protokolo berezia izateko, aurretiaz notario-elkargo eskudunak baimena eman behar du. Gero eta gutxiago erabiltzen dira halako protokoloak.

protokolo orokorra

Protokolo  horretan gordetzen dira notarioak urtez urte eskuetsitako agerkai publiko guztien matrizeakprotokolo bereziari  erantsi zaizkionak izan ezik.

protokoloa

Notarioak eskuetsitako matrizeen  (eskritura publiko nahiz notario-akten) urteko bilduma. Azaleztatutako liburuki foliodunek osatzen dute protokoloa. Protokoloak bi indize ditu: bata, kronologikoa, agiriei buruzkoa; eta, bestea, alfabetikoa, agirietan parte hartu duten eta agiriok egiletsi dituzten pertsonei buruzkoa.
Notario-protokoloa estatuaren jabetzapekoa da. Notarioa horren zaintzailea besterik ez da.

protokoloan jasotzea

Agiria notarioaren protokoloan  gordetzea.

Protokoloen Agiritegi Historikoa

Protokoloek 25 urte baino gehiago eta 100 baino gutxiago dituztenean, notario protokolozainaren ardura da liburukiak zaindu eta kopiak luzatzea. Protokoloek 100 urte baino gehiago dituztenean, ordea, euren balio historikoa balio juridikoa baino handiagoa da, eta, horregatik, agiritegi historikora biltzen dira; halakoak autonomia-erkidegoen ardurapean egoten dira gehienetan.

protokoloen agiritegia

Notario baten protokolo-multzoak osatutako agiritegia; edo, bestela, distrito nahiz lurralde bateko notarioen protokoloek osatutakoa, protokolo horiek 25 urte baino gehiago dituztenean.
Protokoloa da notarioak urtean zehar eskuetsitako eskritura eta akten bilduma antolatua; bilduma hori liburukietan azaleztatzen da, eta, liburuki bakoitzean, irekitze- eta ixte-oharrak jartzeaz gain, bestelako betekizun formal batzuk ere gauzatu behar dira.
Notarioa ez da protokoloaren jabea, estatua baizik; notarioa zaintzailea baino ez da.

protokolotik kanpokoa

Protokoloan gordetzen ez diren notario-agiriak halakoak dira.

Konekta zaitez