Bilatu
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z
Aldaketa edo definizio berria iradoki nahi baduzu, komunika iezaiozu, mesedez, zerrenda administratzeko ardura duenari.
Bat datozen hitzen zerrenda: 

abala

Hirugarrenak emandako merkataritza-bermea, osoa nahiz zatikakoa; berme horren ondorioz, hirugarrenak kreditua ordaintzeko edo betebeharra betetzeko konpromisoa hartzen du bere gain. Fidantza osoa edo zatikakoa ematearen parekoa da.
Adibidea.Mailegu pertsonaletan nahiz hipoteka-maileguetan, maiz-sarri eskatzen da, zordunarekin batera, hirugarrenak ere bere sinadura jartzea, eragiketaren gaineko abala emanez; halakoetan, zordunak ordaindu ezik, erakundeak abal-emaileari egin ahal dio erreklamazioa. Zernahi gisaz, abal-emailea ez da zorduna; hori dela eta, azkenean berak ordaindu behar badu, gero zordunari erreklamatu ahal izango dio ordaindutakoa.

abintestato(-)

Hitzez hitz: “testamenturik gabe(ko)”.
Abintestato jaraunslea da, testamentuan jaraunslea izendatu ez denerako, legeak ezarritako pertsona (edo pertsonak). Norbait abintestato jaraunsle izendatzeko, nahitaezkoa da abintestato jaraunsleak adierazteko espedientea  formalizatzea, notarioaren bidez edo epailearen bidez, izendatuak hildakoarekin zein ahaidetasun duen kontuan hartuta.
Adibidea. Gurasoa hiltzen bada ezkonduta eta seme-alabekin, baina testamenturik egin gabe, notarioarengana jo behar da, eta jaraunsleak adierazteko nabaritasun-akta egiletsiko du notario horrek. Haatik, norbait testamenturik egin gabe hiltzen bada, eta bere ahaiderik hurbilena neba edo arrebaren bat bada, edo lobaren bat, espedientea epaitegian formalizatu beharko da.

abintestato(-)jaraunslea

Horri “jaraunsle legitimo” ere deitzen zaio, baina ez da nahasi behar senipartearekin (gaztelaniazko “legítima” horrekin), guztiz desberdinak baitira. Senipartea da herentziaren zati bat, testamentua dagoenean; hildakoak ezin du herentziaren zati hori xedatu edo banatu, erreserbatu egiten zaielako senipartedunei edo nahitaezko jaraunsleei. Jaraunsle legitimoa edo abintestato jaraunslea, ordea, jaraunsle da, testamenturik ez dagoenean.
Hortaz, bera da, testamenturik ez dagoenean, lege-aginduz herentzia jasotzen duena.

abintestato(-)jaraunsleei buruzko adierazpena

Norbait testamenturik egin gabe hiltzen denean, edo, edozein arrazoi dela medio, haren testamentua deuseza nahiz eragingabea denean, hildakoaren jaraunsleak nor diren jakiteko, prozedura judizial hori edo notario-prozedura hori egin behar da.
Adibidea. Abintestato jaraunsleei buruzko adierazpena notario-aktaren bidez egiten da, jaraunsleak hildakoaren ondorengoak, aurrekoak edo ezkontidea direnean. Gainerako kasuetan, espediente judiziala bete behar da.

administratzailea

Bera bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera, ondasun jakin bat edo ondare osoa administratzeaz arduratzen den pertsona.
Mota askotako administratzaileak daude, eta mota bakoitzak bere arau bereziak ditu: sozietateetako administratzaileak; gurasoak, seme-alaba adingabeen ondarea administratzen dutenean (guraso-ahala); albazeak, herentziari dagokionez; tutoreak, epaiketan ezgaituak izan direnen ondareari dagokionez etab.

agerkai publikoa

Notarioak, alderdi interesdunak hala eskatuta, eskuetsitako agiri publikoa; agiri horrek egitate, egintza edo negozio juridikoa barruratzen du, eta, ondorenez, protokoloan jasota geratzen da. Agerkai publikoak dira eskritura publikoa eta notario-akta.

agerraldia / agertzea

Nork bere burua notarioaren aurrean aurkeztea, eskritura egilesteko
Agerraldia, halaber, agiri publikoaren zatietatik bat da; zati horretan azaltzen da notarioaren aurrean nor agertu den fisikoki, horren datu pertsonalak, egoitza eta nortasun-agiria aipatuz. Zati horren ondoren, “parte-hartzea” izeneko zatia jasotzen da; zati horretan aipatzen da agertzaileak bere izenean diharduen (bere kabuz) edo beste inoren izenean (ahalduna izateagatik; sozietatearen edo seme-alaben ordezkari izateagatik; alkate izanik udalaren ordezkari izateagatik etab.).

agindeia

Norbaiti egindako oharra, adierazpena edo galdera, egintza jakin bat burutu dezan edo ez dezan burutu.
Notarioaren bidez eginez gero, aktan  formalizatzen da.
Adibidea. Norbaiti agindeia egiten zaio, errentamenduaren ordainketan atzeratu denez gero, atzerapen horiek ordain ditzan. Notario-aktaren bidez formaliza daiteke agindeia, eta, horrela, notarioa bera etxebizitzara joango da eta forma egokian egingo dio agindeia pertsona horri. Horrez gain, agindei pribatuak egin daitezke burofax edo posta bidez, bai eta prozesuan bertan ere, agindei judizialaren bidez.
Azken finean, agindeia norbaiti egindako intimazioa da; intimazio horren ondorioz, jasotzaileak jokabide zehatza izan behar du (zerbait ordaindu, jokabideren bat burutu ez, lekua utzi, zerbait egin…), eta hori notario bidez formaliza daiteke edo ez.

agindua

Agintari eskudunak emandako manamendua, preskripzioa, betiere obeditu beharrekoa.

agiri pribatua

Alderdi interesdunek egindako agiria, notarioaren edo funtzionario publiko eskudunaren parte-
-hartzerik gabe. Agiri pribatuak ondorio juridikoak sortzen ditu legearen arabera, eta agiriaren sinatzaileek bete egin behar dute euren gain zein konpromiso hartu eta konpromiso hori berori. Agiri publikoarekin gertatu aldera, agiri pribatuan ez dago fede publikoa ematen duen funtzionariorik.
Ñabardurak egin badaitezke ere, esan beharra dago agiri sinatu guztiak agiri pribatu direla, agiri publiko ez badira behinik behin.
Adibidea. Esate baterako, agiri pribatuak dira ibilgailua edo makineria erosteko agiriak. Orobat, agiri pribatua izaten da, sarri, etxebizitza eskuratzeko sinatzen den agiria; agiri horretan, erresak ituntzen dira, behin betiko eskritura publikoa formalizatu baino lehenago.

Konekta zaitez